3.2.1. Nafarroako Foru Komunitatea
Espainiako estatuan aurreko hamarkadan onartu ziren hirugarren belaunaldiko gizarte-zerbitzuei buruzko gainerako legeekin gertatu bezala, 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, 1983ko eta 1990eko legeen ondotik, onartu zen Nafarroan aurreko arreta-eremua gainditu eta funtsezko bi helburu lortzeko: gizarte-zerbitzuen eskubide subjektiboa aitortzea eta lehengo gizarte-zerbitzuen sistema Nafarroako gizartearen premiei egokitzea. Horretarako, 15/2006 Foru Legeak gizarte-zerbitzuen definizio eta egituraketa berria ekarri zuen; hala, haren antolaera egitura eta finantzaketa eraberritu zituen eta, ingurumari horretan, zerbitzuen zorroa onartu zuen lehenengoz. Zorro horretan sartu ziren Nafarroako gizarteari aitortutako prestazio guztiak. Ildo horretan, Nafarroako gizarte-zerbitzuen legeak bermatutako prestazioak −“eskubide subjektiboaren menpekoak, prestazioak eman behar dituzten administrazioen aurrean eta, azkenean, epaitegien aurrean, galdagarriak”− eta bermatu gabekoak bereizten ditu. Azkenak aurrekontuko erabilgarritasunari lotuta daudenez, eskumendun administrazioen unean uneko ahalmen tekniko eta politikoaren menpekoak dira.
Gizarte-zerbitzuen eskumenen egiturari dagokionez, 15/2006 Foru Legea, gainerako autonomia-erkidegoetan gertatu zen legez, erkidegoko eta tokiko eginkizun eta eskumenen arabera garatu zen; hala, legeak foru-gobernuari esleitu zizkion gizarte-zerbitzu espezializatuak eta tokiko administrazioei, berriz, oinarrizko gizarte-zerbitzuak. Esparru horren baitan, Nafarroako Foru Komunitatea, egun Gizarte Eskubideen Lehendakariordetzaren bidez, honako ardura hauek dauzka: a) gizarte-zerbitzu orokorren zorroa gauzatu eta kudeatzea; b) gizarte-zerbitzuen sistemaren koordinazioa bultzatzea, c) plan estrategikoak, arlokoak, oinarrizkoak eta espezializatuak prestatzea eta horien gauzapena koordinatzea; d) kalitate-planak prestatzea, kalitatea bermatzea eta homologatzea zerbitzua ematen duten zerbitzuetan (arlo horretan garatzen diren arauen haustea zehatzeko eskumena era badauka) eta e) erkidegoaren titulartasuneko gizarte-zerbitzu espezializatuei eustea eta horiek kudeatzea, bai eta plan estrategikoan jasotzen diren gizarte-zerbitzuei atxikitako zentroak ere. Beste alde batetik, antolaketaz haratago, foru-komunitateak eskumenak dauzka herritarren parte-hartzea, elkarteak, boluntarioak eta elkarrekiko beste laguntza-era batzuk bultzatzeko, gizarte-zerbitzuetako profesionalentzako prestakuntza-programak sustatu eta garatzeko, gizarte-zerbitzuen arloko ikerketa eta azterketa sustatzeko eta Nafarroako tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko, gizarte-zerbitzuen politikak aplikatzeko xedez.
Udalen eskumenak ondokoak dira:
-Udalen lurralde-eremuaren barruan gertatzen diren gizarte-premiak aztertzea eta antzematea.
-Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak egindako gizarte-zerbitzuen plangintza orokorrean parte-hartzea.
-Tokian tokiko plan estrategikoak eta arlokoak eta tokian tokiko oinarrizko planak edo komunitate-planak eta plan espezializatuak onartzea.
-Bere lurralde-eremuaren barruko oinarrizko gizarte-zerbitzuak sortzea, kudeatzea eta haiei eustea.
-Bere lurralde-eremuaren barruan, beharrezkotzat jotzen dituen gizarte-zerbitzu espezializatuak sortzea, kudeatzea eta haiei eustea.
-Toki-eremuko gizarte-zerbitzuen zorroa onartzea, eremu orokorreko zerbitzuen zorroa bere lurralde-eremuaren barruan osatu nahi duenean.
Horrela, bada, aztertutako autonomia-erkidego gehienetan gertatzen den moduan, erkidegoko administrazioak –koordinazio, arauketa eta plangintzari dagozkion eskumenak baliatzeaz gain− bere gain hartzen du gizarte-zerbitzu espezializatuen prestazioa; udal administrazioak, aldiz, gizarte-zerbitzuen prestazioaz arduratu ohi dira, zein bere lurralde-eremuaren barruan, bai eta gizarte-zerbitzu espezializatuak sortu eta kudeatzeaz, betiere beharrezkotzat jotzen diren kasuetan,udalaren lurralde-eremuaren barruan, zerbitzu horien prestazioa finantzatzeko baliabide ekonomikoak baldin badauzka. Benetan, azken alderdi horrek mugatu egiten du arreta espezializatuko zerbitzuak garatzeko ahalmena eta, horren ondorioz, tamaina ertain edo handiko hiriek baino ezin dituzte garatu, horretarako baliabide nahikoak dauzkaten bakarrak baitira. Nafarroari dagokionez, Iruñeak baino ez dauzka udal administrazioak berak garatutako baliabide espezializatuak.
3.2.2. Katalunia
Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 11ko 12/2007 Legeak arautzen du Kataluniako gizarte-zerbitzuen sistema. Lege horrek 1985. urtean onartutakoa ordeztu zuen etaabenduaren 14ko 39/2006 Legea, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa, garatzeko eremuaren baitan eta ongizatearen laugarren ardatzaren paradigma zein eskubide subjektiboak eta unibertsalitatea aintzat hartuta onetsi zen. Euskal Autonomia Erkidegoan bezala, 12/2007 Legeak gizarte-zerbitzuei buruzko zorroaren sorrera ezarri zuen,gizarte-zerbitzuen sare publikoak eskaini behar dituen prestazioak zehazteko helburuz. Prestazio horietan, zerbitzua, baldintza ekonomikoak eta baldintza teknologikoak kontuan hartzen dira. Ikuspegi horretatik, zerbitzuen zorroak ondoko guztiak zehaztu behar ditu: prestazio-mota, xede-taldea(k), prestazioa kudeatu behar duen profesionalen taldea, lantaldea osatzen duten profesionalen profilak eta ratioak eta kalitate-estandarrak. 12/2007 Legeak ezarritako berrikuntzarik esanguratsuena bermatutako prestazioen ezarpena izan zen, prestazio horiek eskubide subjektiboaren menpekoak direlako, herritarrek gizarte-beharrizanaren egoera egiaztatu eta gero.
Aztertu diren gainerako autonomia-erkidegoetan gertatzen denaren antzera, 12/2007 Legeak agerian uzten du sistema bi mailatan zatituta dagoela: lehen mailako arreta eskaintzen duena edo oinarrizko sistema, eta sistema espezializatua. 12/2007 Legeari jarraiki, lehen mailako arreta-zerbitzua emateko eskumena, hau da, oinarrizko gizarte-zerbitzuek ematen dutenarena, udalena da, eta udalek sortu eta kudeatu behar dituzte oinarrizko zerbitzu horiek gizarte-zerbitzuen zorroak ezarritakoari eta dena delako plan estrategikoak xedatutakoari jarraiki. Aurrerago esaten denez, eskualdeko kontseiluek hogei mila biztanle baino gutxiago dituzten udalen ordez jarduten dute oinarrizko gizarte-zerbitzuei doazkien eskumenen titulartasuna eskuratuta, betiere udal horiek aipatutako eskumenak beren gain hartzeko moduan ez daude, zuzenean edo era mankomunatuan.
12/2007 Legearen arabera, oinarrizko gizarte-zerbitzuen multzoa sistemari heltzeko sarbidea da eta honako zerbitzu hauek guztiak aintzat hartzen ditu: profesionalen oinarrizko lantaldeak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta telelaguntzarena eta egoitzaz kanpoko gizarte- eta hezkuntzako esku-hartzearen zerbitzua haurrentzat eta nerabeentzat. Hala ere, geroago ikusiko dugunez, gizarte-zerbitzuen zorroak eskumen berriak esleitu zizkion oinarrizko mailan jarduten duten gizarte-zerbitzuei, bigarren mailako arreta-zerbitzuaren sareak eskuordetuta, hain zuzen ere. Hasiera batetik, 12/2007 Legeak ondoko eskumenak esleitzen dizkie oinarrizko gizarte-zerbitzuei:
-pertsonen, familien eta komunitatea osatzen duten kideen premia-egoerak antzematea;
-pertsonei informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzea, norberak balia ditzakeen eskubide eta gizarte-baliabideen inguruan;
-gizarte-premiei lotutako egoerak ebaluatzea eta horien gaineko gizarte-diagnostikoa, gizarte-hezkuntzakoa eta gizarte-lanekoa egitea;
-mendekotasunaren arreta bideratzeko eta norberaren autonomia sustatzeko banakako programa proposatu eta ezartzea;
-mendekotasunaren arretarako eta norberaren autonomia sustatzeko banakako programa berrikustea, hala dagokionean;
-gizarte-premiei lotutako egoeretan, beharrezkoak diren prebentzio-jarduketak eta gizarteko edo gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeak gauzatzea eta horien ebaluazioa egitea;
-gizarte-arriskuko egoeran dauden familia-nukleoetan edo bizikidetza-nukleoetan esku-hartzea;
-komunitate-proiektuak eta zeharkako programak bultzatzea;
-etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, telelaguntza-zerbitzuak eta familia-unitateari edo bizikidetza-unitateari laguntzeko zerbitzuak ematea;
-egoitzaz kanpoko gizarte-hezkuntzan esku-hartzeko zerbitzuak ematea haurrentzat eta nerabeentzat;
-gizarte-zerbitzu espezializatuei heltzeko sarbidea bideratzea;
-gizarteratzeko, laneratzeko eta hezkuntza-sisteman sartzeko neurriak sustatzea;
-gizarte-larrialdiko prestazioak kudeatzea;
-prebentzio- eta arreta-protokoloak aplikatzea gizatalde ahulenetako pertsonek pairatzen dituzten tratu txarrei aurre egiteko;
-udal esparruko prestazio ekonomikoen izapidetzea kudeatzea eta gizarte-zerbitzu espezializatuekin, gizarte-ongizateko lantalde profesionalekin, elkarte orokorrekin eta gizarte-zerbitzuen arloan jarduten duten elkarteekin koordinatzea;
-epaile eta fiskalen eskariz, auzibideek eragindako pertsonen banakako eta familiako egoerari buruzko informazioa ematea.
Horrela, bada, lehen mailako arreta eskaintzen duten gizarte-zerbitzuen eginkizun nagusiak ondokoak izango lirateke: gizarte-zerbitzuen sistemari heltzeko sarbidea erraztea, herritarren premiei buruzko diagnostikoa egitea eta ekintza-plana proposatzea, ongizatearen garapen egokia eragozten duen egoera arintzeko edo desagertzeko behar diren baliabideak aginduta. Gizarte-zerbitzuen sistema bi mailatan –oinarrizkoa eta espezializatua− egituratzeko arrazoi nagusia egitura espezializatuak edukitzeko beharrizanean funtsatzen da, premia konplexuenei erantzun ahal izateko. Nolanahi ere, antolaera horren ondorioz, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, teknologiaren ikuspegitik, bakunak eta kudeaketa nahiz antolaketa errazekoak zirelako estereotipoa erruz zabaldu da. Beraz, eskumenen banaketari dagokionez, nahikoa erraza izan zen udalen esku uztea, demokrazia leheneratu zenetik aipatutako zerbitzuak eskaini baitituzte (Aguilar, 2014).
Eremu horren baitan, herritarrei arreta emateko tresna garatzeko erronka, zerbitzuei zuzentasunez heltzeko bermea eta erantzun profesional eta eraginkorra eskaintzeko gaitasuna dituena, Kataluniako udalen gizarte-zerbitzuen ahaleginaren bereizgarria izan da gizarte-zerbitzuak sortu ziren unetik bertatik. Egiturarenkonplexutasunaren arrazoietako bat dugu eginkizun eta ataza ugari eratxiki zaizkiela udalen gizarte-zerbitzuei, besteak beste, sistemari heltzeko sarbidea erraztea, lehen ebaluazioa egitea, gizarte-arloan esku-hartzea arrisku handiko egoeretan (gizarte-bazterkeria paira dezaketen haurrak, genero-indarkeria…), hainbat zerbitzu diseinatu, zuzkitu eta kudeatzea, adibidez, etxeko laguntza eta telelaguntza, edo arriskua apaltzea helburu duen esku-hartzearen eragina ebaluatzea. Horrela, beraz, Kataluniako gizarte-zerbitzuen eskumenen egitura aztertzerakoan, azpimarratu behar da oinarrizko gizarte-zerbitzuek eginkizun eta ataza ugari badituztela; hori dela eta, ezin da zerbitzu horien jardueraren hedadura zehatz-mehatz zedarriztatzea (Vilà, 2009) eta, azken batean, nahaste-borraste edo anabasa handia dago maila horretan.
Arestian azaldu ditugun zerbitzuen prestazioa udalei esleitzeaz gain, 12/2007 Legeak xedatzen duenari jarraiki, 50.000 biztanletik gorako udalek eta eskualdeek arlo espezializatuko eskumenak berenganatu behar dituzte. Udal batzuek lehendik sortuta zituzten mota horretako zerbitzuak eta prestazioak eta, batzuetan, arreta emateko tresna sendo-sendoak egituratuta zeuzkaten. Legeak egoera arautu zuen eta hurbileko zerbitzuak eta prestazioak eskuordetzeko aukera eman zuen, izatez, zentzuzkoagotzat jo zelako zerbitzuak tokiko eremutik kudeatzea, behintzat, tamaina handieneko udalerriei dagokienez. 50.000 biztanletik gorako toki-erakunde guztien esku uzten diren prestazioak honako hauek dira:
-Haurrei eta Nerabeei Arreta eskaintzeko Lantaldeak – HNAL.
-Garraio egokituko zerbitzua.
-Emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzuak.
Zorroak jasotzen dituen gainerako zerbitzu eta prestazioak udalen esku utz daitezke aurretiazko titulartasunaren arabera, hau da, tokiko administrazioak iraganean sustatu ote dituen aintzat hartuta:
-Ezgaitasunik duten pertsonentzako egoitza.
-Lanerako eguneko zentroak ezgaitasunen bat duten pertsonentzat.
-Lan egin aurreko zerbitzua.
-Adinekoentzako egoitza.
-Adinekoentzako eguneko zentroa.
-Indarkeriazko egoera pairatzen duten emakumeentzako eta haien seme-alabentzako premiazko erantzun-zerbitzua.
-Atzerriko etorkinentzako harrera-programak eta -ekintzak.
-Arreta goiztiarreko zerbitzua.
-HIESak jotako pertsonentzako gizarte-arretako programak.
-Droga-mendekotasunak jotako pertsonentzako gizarte-arretako programak.
-Familia gizarteratzeko zerbitzua.
-Kalteberatasun-egoeran dauden familientzako laguntza-programak.
Oinarrizko gizarte-zerbitzuek zerbitzu espezializatuak emateak dakarren anomalia edo arazoa ez da behar bezala jorratu Kataluniako gizarte-zerbitzuen eremuan. Izan ere, Kataluniako Generalitateko Gizarte Ongizate Sailak ez dauka oraindik ere udalen titulartasuneko gizarte-zerbitzu espezializatuen prestazioei buruzko mapa. Beste alde batetik, ez da ebaluaziorik egin zerbitzuon eragingarritasuna neurtzeko udalen eremuan edota, herritarrengandik hurbilago ematen direlako, aipatutako zerbitzuek teorian duten eragin onuragarriak egiaztatzeko. Alabaina, zantzu argiak ageri dira pentsatzeko gizarte-zerbitzuen ekipamenduek –batez ere, adinekoentzako edo ezgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitzei dagokienez− tamaina jakina behar dutela oreka ekonomikoari eusteko eta, hortaz, zama ekonomiko handiegia izan dezaketela udalaren finantzetan. Egoera horri buruzko azalpena honetan datza: plazak hitzartzeko ereduak berdin hartzen ditu irabazi-asmoa duten erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuak, irabazi-asmorik gabekoak eskaintzen dituztenak eta herri-administrazioek eskaintzen dituztenak, eta beraz, sistema zatikatzen eta langartzen da udalek eskaintzen duten gizarte-arretari eta zerbitzuen finantzabide orokorrari dagokienez.
Laburbilduz, Katalunian gaur egun ezarrita dagoen eredua lehendik zeuden egituretan gainjarritako emaitza da, baina ez du plangintza eta kudeaketa zentralizatuaren aldeko hautu garbirik egiten (12/2007 Legeak dioenaren ildotik) ezta adostutako eskumen eta erantzukizunak deszentralizatzeko hauturik ere, eskumendun administrazioak berak finantzatzeko aukera edukita ere.
Kataluniako gizarte-zerbitzuen eta, zehatzago, Bartzelonako gizarte-zerbitzuen erakunde-antolaeraren inguruko azalpenari azkena emateko, behar-beharrezkoa da Bartzelonako Diputazioak gizarte-zerbitzuen arloan gauzatzen dituen zereginak.
Kataluniako erkidegoan, probintziako diputazioek ez dute berariazko eskumenik edo eginkizun zehatzik gizarte-zerbitzuen eremuan. Izan ere, 12/2007 Legea prestatu zen aldian, Kataluniako Autonomia Estatutua ere eraberritu zen. Orduan, helburu nagusia bazen estatutua bera kentzea eta, probintziaren ordez, Kataluniak beste garai batean berezkoa izan zuen lurralde-antolamendua ezartzea, begeriena. Neurri horren eragozpenik behinena konstituzioan uztartzea izan zen; izan ere, lurralde-mugak aldatu ahal izateko, erabakia estatuan onartu behar da. Hala, Konstituzio Auzitegiak estatutuaren eraberritzeari buruz emandako epaiak lozorroan utzi zuen Kataluniako probintzia-diputazioak kentzeko aukera. Egoera hori saihesteko, 12/2007 Legeak udalez gaindiko tokiko erakundeei buruzko aipamen orokorra egiten du eta eskumenak esleitzen dizkie arlo teknikoan, ekonomikoan eta juridikoan gizarte-zerbitzuen oinarrizko prestazioak kudeatzen dituzten administrazioei, geroago ikusiko dugunez. Eskumen edo eginkizun horiek bat datoz (garapen-maila gorabehera) Kataluniako lau probintzia-diputazioek garatu ohi zituzten zerbitzuekin, baina funtsezko eskumen bat uzten du alde batera: udalen eskumeneko zerbitzuen prestazio mankomunatua. Beste alde batetik, hainbat eginkizun eratxikitzen dizkie aipatutako erakundeei, hala nola, plangintza, zerbitzu espezializatuen kudeaketa edo elkarteen sustapena, baina, salbuespenak salbuespen, diputazioak ez dira eginkizun horiek garatzen ari.
Esparru horretan, finantzaketaz diharduen atalean esaten denez, udal eta eskualdeko kontseiluentzako laguntza ekonomikoa dugu, oro har, lau diputazioek tokiko administrazioei eskaintzen dieten prestazio erkidea gizarte-zerbitzuen arloan. Gironako Diputazioak, gainera, telelaguntzako tokiko zerbitzua eta familia-orientabidearen tokiko zerbitzua kudeatzen ditu. Nolanahi ere, Bartzelonako Diputazioak garrantzi berezia izan du historian zehar probintziako gizarte-zerbitzuei eskaini dien laguntza eta babesagatik. Bartzelonako Diputazioaren zerbitzu-eskaintza hiru ardatzetan egituratzen da:
-Oinarrizko gizarte-zerbitzuen finantzaketa arrunta (10.463.421 € 2014ko ekitaldian).
-Herritarrentzako zerbitzugintza: telelaguntzako tokiko zerbitzua, aholkularitza juridikoko zerbitzua, hipoteka-bitartekaritzako zerbitzua eta droga-mendekotasunari arreta egiteko zerbitzua. Horiez gain, nabarmendu behar ditugu egonaldi mugatuko egoitzak adinekoentzat eta ezgaitasunen bat duten pertsonentzat.
-Aholkularitza teknikoa: gizarte-zerbitzuak kudeatzeko programa (HESTIA), plangintza eta kudeaketa, gizarte-arreta nerabezaroan eta haurtzaroan, autonomia funtzionala eta gizarteratzea, lantaldeak ikuskatu eta prestakuntza emateko eginkizunak eta zerbitzuen ebaluazioa (udalen arteko erkaketa-zirkuluak gizarte-zerbitzuetan).
Beraz, gizarte-zerbitzuen eremuan, Bartzelonako Diputazioaren garrantzia bi alderditan islatzen da: alde batetik, erabilitako baliabideen bolumena (ia-ia 25 milioi euro, I. kapitulua aintzat hartu gabe, eta 430 profesional) eta bestetik, bereziki, udalei eskaintzen dien laguntza, berrikuntzaren eta eskalako ekonomiaren ikuspegitik.
3.2.3. Galizia
Galiziako Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen arloan, oinarrizko lege-esparrua, funtsean, bi arauren bidez egituratzen da: 13/2008 Legea, abenduaren 3koa, Galiziako gizarte-zerbitzuei buruzkoa, eta 99/2012 Dekretua, martxoaren 16koa, erkidegoko gizarte-zerbitzuak eta haien finantzaketa arautzen dituena. Aurreko bi legeen ondotik, 13/2008 Legea bete-betean sartzen da Espainiako estatuak hirugarren belaunaldiko gizarte-zerbitzuen legetzat jotakoen artean. Arau horren helburu nagusia dugu legezko esparrua finkatzea gizarte-zerbitzuen sistema bakarra ezartzeko, gizarte-arloan, gizarte-zerbitzuei buruzko aurreko legeek araututako egituran azken urteotan gehitzen eta gainjartzen joan diren jarduketak eta ekimenak bateratu eta harmonizatzeko asmoz, hala nola, gizarteratzeko sistemak, mendekotasunari arreta egitekoak, familia eta haurrak (adingabeak) babestekoak, berdintasuna eta kontziliazioa sustatzekoak… Asmo hori garatzeko, hainbat aldaketa proposatu zituen gizarte-zerbitzuen egiturari dagokionez, bai eta prestazioei dagokienez ere. Nolanahi ere, esan beharra dago aldaketek men egiten dietela abenduaren 14ko 39/2006 Legeak norberaren autonomia eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta sustatzeari buruzkoak, xedatutakoei.
Dagoeneko aztertu ditugun Katalunia eta Nafarroako kasuetan gertatzen den bezala, 13/2008 Legeak sare gisa egituratzen du Galiziako gizarte-zerbitzuen sistema, bi mailatan bereizita: erkidegoko gizarte-zerbitzuak, “batez ere, tokiko izaerakoak”, bi motatakoak −oinarrizkoak eta espezializatuak− eta gizarte-zerbitzu espezializatuak, autonomiaren eskumenekoak.
Gizarte-zerbitzuak baliatzeko eskubidea aitortzeaz den bezainbatean, 13/2008 Legeak ere –orain arte aztertutako legeek egiten duten moduan− eskubide subjektiboaren kontzeptua jasotzen du gizarte-zerbitzuen eremuan. Hala ere, Nafarroako araudian gertatzen den bezala, funtsezkotzat jotzen dituen esku-hartzeak, programak zerbitzuak eta prestazioak normalizatzaileetatik bereizten ditu; lehenengoei eskubide galdagarri edo subjektiboaren izaera aitortzen die eta bigarrenei, berriz, unekoa edo hautazkoa. Horrela, bada, funtsezko prestazioak “eskubide galdagarritzat arautzen dira eta bermatuta izango dituzte ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek, norberaren egoeraren ebaluazio teknikoaren arabera”. Beste alde batetik, prestazio normalizatzaileak “ohiko eskaintza jasoko dira, aurrekontuko erabilgarritasunari jarraiki eta norgehiagoka bidez heldu ahalko zaie halakoei”. Horrez gain, legeak dioenari jarraiki, zerbitzuen zorroa garatu eta eguneratu beharko da gizarte-zerbitzuen arloan eskumena daukan sailaren eskariz. Hala ere, Galiziako administrazioak, oraingoz, behintzat, zerbitzu-zorroak garatu ditu jardun-arloka, eta gaur egun lantzen eta onartzen ari dira (mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko zerbitzuen zorroa, Familia, haur eta nerabeentzako zerbitzuen zorroa, Gizarteratzeko zerbitzuen zorroa…).
Legearen arabera, esku-hartze tekniko eta profesionalak ondoko jarduerak garatzeko helburua duten egintza profesionalak dira: a) pertsona, familia edo gizataldeentzako informazioa, aholkularitza eta akonpainamendua ematea; b) herritarren gizarte-eskakizunak ebaluatzea eta horien diagnostikoa egitea; c) esku-hartze soziala, biopsikosoziala, soziologikoa edo gizarte-hezkuntzakoa bideratzea banakako eta gizarte-zereginak eta -trebetasunak eskuratu edo berreskuratzeko, autonomia areagotu, gizarte eta familia-bizikidetza hobetu eta gizarteratzea errazteko helburuz, horiek guztiak funtsezkoak direlarik. Izaera material edo teknologikoko zerbitzuak eta jarduketak funtsezkoak nahiz normalizatzaileak izan daitezke. Mota horretako zerbitzuak ondokoak dira:
-Jarduteko gaitasun mugatua duten pertsonen gizarte-babesa, gatazka-egoeran edo babesgabetasun-egoeran badaude.
-Egoitzako arreta, hots, egonaldi iraunkorra edo aldi baterakoa, etxekoaren ordez.
-Eguneko arreta, pertsonentzako zainketak eta sustapen- nahiz prebentzio-jarduerak eskaintzen dituena, egoitza batean egon gabe.
-Etxeko laguntza, hau da, pertsonei edo familiei laguntza-mota batzuen eskaintza etxean bertan.
-Gizarte-telelaguntza eta izaera teknologikoa duten beste zerbitzu batzuk, erabiltzaileak haien ohiko ingurunean bizitzea helburu dutenak.
Kasu guztietan normalizatzailetzat jotzen diren prestazioak ondokoak dira:
-Pertsonen mugikortasuna ahalbidetzeko laguntza, araudian ezarritako baldintzei jarraiki.
-Mantenua, talde-arretako lokaletan zein etxean bertan.
-Autonomiari eusteko laguntza teknikoak eta tresna bidezkoak.
-Laguntzaile pertsonalaren zerbitzua.
-Legeak jasotzen ez duen beste zeinahi zerbitzu edo jarduketa, gizarte-arreta egokia bermatzeko beharrezkotzat jotzen bada.
Era berean, zerbitzuen eskaintzaren barrukotzat jotzen ditu arauak Galiziako gizarte-zerbitzuen sistemak eskaintzen dituen prestazio ekonomiko batzuk, hala nola, aldiro-aldiro edo ordainketa bakarrean ematen diren diruzko ekarpenak, besteak beste, adingabeak zaintzeko, aldi baterako premia-egoerak arintzeko, bizirauteko gutxieneko baldintzak bermatzeko, familian txertatu eta gizarteratzeko jarduketak sendotzeko eta norberaren autonomian mugapenak dituzten zaintza bermatzeko.
Azkenik, esku-hartze komunitarioko programak ere zerbitzuen zorroaren barrukotzat jotzen ditu legeak. Programa horiei dagokienez, legeak dio landu egingo direla komunitate jakin baten gizarte-diagnostikotik abiatuta, eta jardun-eremu bereko gizarte-ongizateko beste zerbitzu batzuekiko lankidetza erraztuko dela, herritarrek ere parte hartuta, antzemandako egoerei aurre egiteko helburuz, prebentzioaren eta gizarteratzearen ikuspegia aintzat hartzen duten jarduerak antolatuz eta garatuz.
Eginkizunen eta eskumenen egiturari dagokionez, arestian azaldu dugunez, Galiziako gizarte-zerbitzuen sistema sare gisa antolatzen da, bi mailatan bereizita: erkidegoko gizarte-zerbitzuek lehen maila osatzen dute eta bi motatako zerbitzuak eskaintzen dituzte −oinarrizkoak eta espezifikoak−, biak ala biak udalen erantzukizunpekoak; gizarte-zerbitzu espezializatuek bigarren maila osatzen dute eta horiek autonomia-erkidegoaren menpekoak dira. Hori dela eta, 13/2008 Legearen 59. artikuluak eta hurrengoek diotenari jarraiki, udalen ardurapekoa da beti komunitate-mailako oinarrizko gizarte-zerbitzuen prestazioa eta, oro har, komunitate-mailako gizarte-zerbitzu espezifikoen prestazioa. Autonomia-erkidegoaren ardurapekoak dira, berriz, sistemaren plangintza, ebaluazioa eta kontrola egiteko eginkizunak, bai eta, gizarte-zerbitzu espezializatuen prestazioa emateko eskumena ere.
Oinarrizkotzat jotako gizarte-zerbitzuen prestazioa derrigorrezkoa da; zerbitzu espezifikoen prestazioa, aldiz, hautazkoa da. 13/2008 Legearen 61. artikuluak argi eta garbi jasotzen ditu udalek bermatu behar dituzten gutxieneko zerbitzuak, ezartzen baitu komunitate-mailako oinarrizko gizarte-zerbitzuen prestazioa derrigorrezko gutxieneko zerbitzua dela eta Galiziako udal guzti-guztiek bermatu behar dutela. Nolanahi ere den, udal bakoitzak, tokiko autonomia erabiliz, udalaren ardurapeko zerbitzuak garatu ahal izango ditu edo, bestela, beste udal batzuekin elkartu, arreta-maila horretan jarduten duten teknikarien lana eta garatzen diren programak partekatu eta horien eragingarritasuna hobetzeko. Ez da gauza bera gertatzen komunitate-mailako gizarte-zerbitzu espezifikoekin, udalek hautazko eran eman baitezakete aipatutako zerbitzuen prestazioa (“udalek komunitate-mailako gizarte-zerbitzu espezifikoei atxikitako zentroak edo programak sortu eta kudeatu ahal izango dituzte…”). Hortaz, prestazio hori derrigorrezkoa ez den heinean, legeak xedatutakoari jarraiki, udalak arduratu ahal dira zerbitzu horiek emateaz edo borondatezko atxikipenaren bidezko administrazioen arteko lankidetzari esker kudeatu daitezke; bestela, autonomia-erkidegoak berak ere kudeatu ditzake.
Beste alde batetik, 13/2008 Legeak zehaztu egiten ditu probintziako diputazioek gizarte-zerbitzuen arloan dituzten eskumenak; ildo horretan, diputazioen eginbeharrak honela azaltzen dira “udalei laguntza ekonomikoa, teknikoa eta juridikoa ematea gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak garatzeko, batez ere, hogei mila biztanle baino gutxiago dituzten udalek ematen duten komunitate-mailako oinarrizko gizarte-zerbitzuen prestazioari dagokionez”. Bestalde, martxoaren 16ko 99/2012 Dekretuaren 31. artikuluak zehatzago ematen du legezko xedapen hori, hauxe ezartzen duela: probintziako diputazioek oinarrizko Mendekotasunaren Arreta Sistemaren finantzaketa lehenetsiko dute 20.000 biztanletik beherako udalerrietan, eta erakunde horien finantzaketan ere parte hartuko dute teknikariak kontratatzeko komunitate-mailako gizarte-zerbitzuetako lantaldeetan, erreferentziazko gizarte-langileaz bestekoak, haren lana osatzeko.
Azkenik, aztertutako gainerako autonomia-erkidegoetan gertatzen den bezala, gizarte-zerbitzu espezializatuen prestazioa, oro har, autonomia-erkidegoarentzat gordetako eskumena da. Horrela jasotzen da abenduaren 3ko 13/2008 Legearen 59. artikuluan. Artikulu horrek autonomia-erkidegoko administrazioari dagozkion eskumenak zehazten ditu:
-Legezko esparrua ezartzea gizarte-zerbitzuen arloan.
-Gizarte-zerbitzuen plangintza eta programazio orokorra taxutzea, plan estrategikoa eta arlokako planak direla bide.
-Gizarte-zerbitzuen emaile diren erakundeen erregistro bakarra eratzea.
-Gizarte-zentro, zerbitzu eta programak baimentzea eta horiek egiaztatzea.
-Gizarte-zerbitzuen arloko prestakuntza eta ikerketa sustatzea.
-Gizarte-zerbitzugintzan parte hartzen duten erakunde eta antolakundeentzako aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.
-Gizarte-zerbitzuen estatistika-sistema diseinatzea, sortzea, kudeatzea, koordinatzea, mantentzea eta eguneratzea.
-Gizarte-zerbitzuen prestazioaren kalitatea ikuskatzea eta ebaluatzea.
-Galiziako Xuntak bere gain hartzen dituen gizarte-zerbitzu espezializatuak sortzea, mantentzea eta kudeatzea, bai eta komunitate-mailako gizarte-zerbitzu espezifikoei atxikitako zentro eta programak ere, gizarte-zerbitzuei buruzko plan estrategikoan jasotakoari jarraiki.
-Funtsezko zerbitzuak eta prestazioak, materialak nahiz ekonomikoak, baliatzeko eskubidea aitortzeko ebaluazio teknikoa egitea.
-Pertsona fisikoentzako prestazioak edo laguntza ekonomikoak ematea.
-Gizarte-zerbitzuak eskaintzen dituzten zentro eta erakundeentzako diru-laguntzak edo laguntza publikoak kudeatzea.
-Ikuskapen- eta zehapen-eskumenak gauzatzea.
-Indarrean dagoen legeriak eratxikitzen dizkien beste eskumen batzuk gauzatzea edo, gizarte-zerbitzuen politika behar bezala garatu eta gauzatzeko beharrezkoak izanik, beste herri-erakunde bati berariaz esleitu ez zaizkion eskumenak gauzatzea.
3.2.4. Gaztela eta Leon
Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen sistema Gizarte Zerbitzuei buruzko 16/2010 Legearen bidez arautzen da. Lege horrek aurreko araudia, 1988koa, indargabetu zuen (18/1988 Legea, abenduaren 28koa). Hirugarren belaunaldiko legea izanik, ondokoa bermatzen du: “izaera unibertsala daukan gizarte-zerbitzuen sistema berdintasun-baldintzetan baliatzeko eskubidea bermatzea eta herri-administrazioen erantzukizunpeko gizarte-zerbitzuen funtsezko prestazioak jasotzeko eskubide subjektiboa eraginkortasunez ahalbidetzea” (1 a artikulua). 2. artikuluak bermatutako eskubide subjektibotzat jotzen du aipatutako eskubidea eta auzibidez galdagarritzat ezartzen du funtsezko prestazioak baliatzeko aukera, funtsezkotzat jotzen ez direnen aldean. Azkenak, Nafarroan edo Galizian bezala, hautazkotzat jotzen dira. Legearen 19. artikuluak dioenari jarraiki, funtsezko prestazioak honako hauek dira:
-Informazioa, orientabidea eta aholkularitza.
-Ebaluazioa, kasuaren plangintza eta jarraipena.
-Herritarren Errenta Bermatua (aurrerantzean HEB). Martxoaren 4ko 1/2015 Legeak, otsailaren 27ko 1/2014 Legegintza Dekretua aldarazi zuenak, onartu zuen Herritarren Errenta Bermatua deritzon funtsezko prestazioa baliatu eta horretaz gozatzeko indarrean dauden legezko arauei buruzko testu bategina.
-Bizirauteko oinarrizko premiei arreta egiteko diru-laguntzak gizarte-larrialdiko egoeretan (12/2013 Dekretua, martxoaren 21ekoa, gizarte-larrialdiko egoeretan, bizirauteko oinarrizko premiei arreta egiteko prestazio ekonomikoa arautzen duena).
-Arrisku- eta babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak babesteko neurri espezifikoak.
-Ezgaitasunen bate do ezgaitasunik pairatzeko arriskua duten haurrentzako arreta goiztiarra (gutxienez, prebentzioa, detekzio goiztiarra, diagnostikoa eta kasuen arreta).
-Telelaguntza (80 urtetik gorako pertsonei dagokienez) eta etxeko laguntza, eguneko eta gaueko egonaldi-zerbitzua eta Autonomia Sustatu eta Mendekotasunari Arreta egiteko (SAAD) sistemak aitortutako egoitzako egonaldi iraunkorrak.
-Familia-inguruneko herritarrentzako prestazio ekonomikoa eta zaintzaile ez-profesionalentzako laguntza.
-Laguntza pertsonalaren prestazio ekonomikoa.
-Mendekotasun-egoerak prebenitzeko zerbitzuak eta norberaren autonomia sustatzeko zerbitzuak.
-Zerbitzu publikoa edo itundua baliatzeko ezintasunari lotutako prestazio ekonomikoa.
-Legez ezindutako adinez nagusiko pertsonen babes juridikoa eta tutoretza egikaritzeko prestazio ekonomikoak, pertsona horiek babesgabetasun-egoeran daudenean.
-Eguneko zentroan ematen den arreta, hezkuntza-sistemarako lotura eginda, desgaitutako pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bermatzen dituena horiei dagozkien hezkuntza-zikloak amaitu ondoren.
Herri-titulartasuna eta -erantzukizuna duten gizarte-zerbitzuen sistemak eskaintzen dituen prestazioak Gaztela eta Leongo gizarte-zerbitzuen katalogoan zehaztuta daude. Abenduaren 11ko 58/2014 Dekretuak arautzen du katalogo hori. Katalogoa bi ataletan jasotzen da, arauaren eranskin gisa. Lehenengo atalak sistemaren prestazio guztiak dakartza, horien deskribapen eta premiak estaltzeko justifikazioarekin batera. Bigarren atalean, gizarte-prestazio bakoitzaren deskripzio-fitxak ageri dira, funtsezko edo ez-funtsezko gisa sailkatuta. Lau mailatan bereizten dira, gizarte-arretari begiratuta:
-1. maila. Erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuei heltzeko sarbidea. Gizarte-premiei lotutako egoerei buruzko informazioa eta ebaluazioa aintzat hartzen ditu.
-2. maila. Berehalako arreta edo hurbilekoa. Arrisku- egoeran edo gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonentzako hurbileko arreta.
-3. maila. Familia-etxean eta ingurunean ematen den zerbitzuaren ordezko arreta.
-4. maila. Beste prestazio batzuk.
Eskumenen egiturari dagokionez, gizarte-arreta bi mailatan antolatzen da: oinarrizko arreta eta arreta espezializatua. Lemen mailako arretak honako zerbitzu hauek guztiak kontuan hartzen ditu: balio anitzekoak, prebentziokoak, sustapenekoak eta herritar orori arreta ematekoak; zerbitzu horiek guztiak Gizarte Ekintzako Zentroen Sarearen (aurrerantzean, GEZS) bidez eskaintzen dira eta gizarte-zerbitzuen sistemei heltzeko sarbidea da. Bigarren mailan, arreta espezializatua jorratzen da eta biztanle-taldeka garatzen da (adingabeak, adinekoak eta desgaitutako pertsonak, gutxiengo etnikoak…).
Beste alde batetik, aztertutako gainerako autonomia-erkidegoetan gertatzen den bezala, arreta espezializatua autonomia-erkidegoaren esku dago, baina gizarte-zerbitzuen oinarrizko mailari dagokionez, aldiz, kudeaketa udalen edo diputazioen ardurapekoa izan daiteke, udalen tamaina zein den. Horrela, 20.000 biztanletik gorako udalerrietan udalek hartzen dute beren gain oinarrizko gizarte-zerbitzuen kudeaketa. Biztanle-kopuru horretatik beherakoen kasuan, kudeaketa diputazioen esku dago. Hain zuzen ere, oinarrizko gizarte-zerbitzuen kudeaketaz probintziako hiriburu guztiak eta beste sei udalerri (Miranda de Ebro eta Aranda de Duero Burgosen; Laguna de Duero eta Medina del Campo, Valladoliden; eta San Andrés de Rabanedo eta Ponferrada, Leonen). Horrela, beraz, hamabost udalerrik baino ez dute zuzenean beren gain hartzen oinarrizko gizarte zerbitzuen kudeaketa, eta gainerako udalerrietan, diputazioen esku dago zerbitzu horien guztien kudeaketa.
3.2.5. Gaztela-Mantxa
Gaztela-Mantxan indarrean dagoen legezko esparrua hauxe da: abenduaren 16ko 14/2010 Legea, Gaztela-Mantxako gizarte-zerbitzuei buruzkoa. Lege horren edukietan, ezartzen da gizarte-zerbitzuei heltzeko modua herritarren eskubidea dela. Hala ere, praktikan, eskubide hori ez da galdagarria, ez da justiziaz frogagarria ere, Legeak berak jaso eta indarrean hasten zenetik bi urtera landu eta onartu behar ziren araubideak eta legezko garapenak ez baitira gauzatu.
14/2010 Legeak ezarritakoari jarraiki, 2013. urtea izan baino lehen, honako arauzko garapen hauek onartu behar ziren: a) Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa; b) Gizarte Zerbitzuen mapa; c) Gizarte Zerbitzuen Sistema Publikoaren Prestazioen Katalogoa; d) Eskubide eta Eginbeharren gutuna; e) Gizarte premia; f) Oinarrizko errenta; eta g) Gizarte-zerbitzuen erakunde eta zentroen erregistroa. Horietako bat ere ez da gauzatu, eta ez da lantzen ari gaur egun. Legearen arauzko garapena oso-osorik garatu behar izan zen gehienez ere lau urteko epean, legea indarrean sartu zenetik, baina aldi horretan ez da araubiderik prestatu, ezta onartu ere.
Nolanahi ere den, nabarmendu beharra dago legearen III. tituluan jasotzen direla gizarte-zerbitzuen sistema publikoa osatzen duten gutxieneko prestazioak, eta bermatuta daudenak bereizten dituela bermatuta ez daudenetatik. Bestalde, bermatuta daudenak bi mailatan sailkatzen ditu: lehen mailako arreta eta arreta espezializatua. Lehen mailan, ondoko prestazioak jasotzen dira:
-informazioa eta orientabidea;
-azterketa, ebaluazioa eta akonpainamendua;
-familia edo bizikidetza-unitatearentzako arreta;
-etxeko laguntza;
-etxeko telelaguntza;
-aldi baterako ostatua gizarte-larrialdiko egoerei erantzuteko;
-gizarte-bazterketako egoerei erantzuteko prebentzioa eta erabateko arreta;
-parte-hartzea sustatzea komunitate-esparruan.
Maila espezializatuari dagozkion prestazioak, berriz, ondokoak dira:
-mendekotasun-egoeren ebaluazioa;
-ezgaitasun-mailaren ebaluazioa;
-ebaluazioa eta arreta goiztiarra;
-ebaluazioa eta arreta adingabeen babesgabetasun- egoeretan;
-arreta eguneko egonaldietan;
-arreta gaueko egonaldietan;
-arreta egoitzetan;
-familia-harrera;
-adopzioen gaineko informazioa, ebaluazioa eta jarraipena;
-familia ugarientzako prestazioa (egoeraren aitorpena).
Honaino azaldu ditugun prestazioez gain, arauak baldintzapeko beste prestazio espezializatu batzuk (besteak beste, aurrekontuko erabilgarritasunak baldintzatzen ditu) eta prestazio ekonomiko batzuk ere jasotzen ditu; azkenak ere bermatuak edo baldintzapekoak izan daitezke.
Sistemaren eskumenen egiturari gagozkiola, autonomiako administrazioak dauka gizarte-zerbitzuen gaineko eskumen esklusiboa (Autonomia Estatutuak jasotzen duenarekin bat), 20.000 biztanletik gorako udalerrietan izan ezik, halakoetan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen legeak betebehar erkideak ezartzen dizkie kopuru horretatik gorako biztanleria duten estatuko udalerri guztiei. Benetan, Gaztela-Mantxan, 5.000 biztanletik gorako udalerrietan eta, biztanle gutxiago izan arren, gizarte-zerbitzuen eremu bakarrean bilduta dauden udalerri guztietan, gutxienez, erreferentziazko gizarte-langile batek jarduten du eta oinarrizko prestazio batzuk dauzkate bermatuta.
Udalerri handienen (hiriburuak eta 20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrien) eta gainerako udalerrien arteko alde nagusia hauxe da: kudeaketa-ahalmen handiagoa duten udalerrietan, gizarte-zerbitzuak Itundutako Planaren bidea antolatzen dira; gainerako udalerrietan, berriz, Erkidegoen Batzarrak (aurrerantzean, EB) kontratatzen eta kudeatzen ditu langileak, zerbitzuetan parte hartzen duten udalekin sinatutako hitzarmena dela bide.
Dena dela, eskumenei begiratuta, lehen mailako arreta eskaintzen duten zerbitzuak baino ez dituzte eman behar dituzte udalek, nahiz eta udalerri handi batzuetan (esate baterako, Albaceten, 100.000 biztanle baino gehiago daukan bakarrean), zerbitzu espezializatu jakin batzuen titulartasuna eta kudeaketa ere udalarena izan. Guztiaz ere, 916 udalerritatik 20k baino ezin izango lituzkete eskuratu udalaren menpeko kudeaketa titulartasuneko gizarte-zerbitzu espezializatuak. Gaztela-Mantxako gizarte-zerbitzu espezializatu gehien-gehienek autonomia-erkidegoaren menpeko titulartasuna eta/edo kudeaketa dute, eta haiei heltzen zaie, lehen mailako arretatik bideratuta, betiere, autonomia-erkidegoko probintzietako gizarte-zerbitzuen erabakia edo akordioa direla bide, horiek ematen baitute prestazio espezializatua.